XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurtengoei agur eginez
Nahiko festa zenbait herri gipuzkoarretan
Donostia.

Mendi kaskoetan haize epelak jo eta hostoak lurrera erortzearekin batera Gipuzkoako zenbait herritan aurtengo azkeneko festaburuak izango dira.

Zaldibiakoak, Aginagakoak, Urnietakoak eta abar ditugu gogoan.

Urteko jaiei azkeneko zumoa atera nahiz gogoz izaten da jendea eta, horrexegatik hondarreko festa hauen berri nahiko zehatz eman nahi da orrialde honetan.

Zaldibian nahiko mondeju
Urriaren seian dira Zaldibiako festaburuak.

Horko zaindaria Santa Fe.

Izena motxa du baina poderea haundia, ikusi bestela nolako neska-mutilak hazten diren Goierriko zoko horretan.

Gaur emango zaie hasiera herriko jaiei.

Goizean, 9,30etan haurren ibilaldi neurtua hamalau urte bitartekoentzat eta ordubatetan umeen bazkaria.

Ondotik, hirurak aldera jolasak eta antzerkia umeenzat Zuentzat taldearekin; futbol-sala bostetan eta zazpi t-erdietan kalejira herriko txistulari, txaranga eta buruhaundiekin.

Dantzatik bakarrik ez baita bizi gizona, ilunabarreko 8,30etan nahiko mondeju eta ardo nahi duten guztientzat plazan; gero, ongi ase eta gero, hamaiketatik aurrera dantza Udaberri taldearekin.

Igandean, Santa Fe egunean, txistulariak batetik bestera txistuka ibili ondoren, 9,30etan karreristak 1. eta 2. afizionatuek parte hartuz.

Eguerdian txistu kontzertua eta ordubatetan karreristen lehiaketaren bukaera.

Ongi bazkaldu ondoren, arratsaldeko bostetan herri kirolak: Udaletxeko selekzioa herriko selekzioaren aurka, ondotik II. Herriko dantza txapelketa bikoteka egingo delarik.

Zortzietatik aurrera, betikoa, nahiko dantza Jaiak taldearekin eta umore ona bazter guztietan.

Astelehenean ere bada gauza politik; esate baterako 12,30etan idi apustua: Argoinen idiparea Zaldibiako Iñaxio Elosegiren idiparearen kontra; 7,30etatik aurrera dantza Gelatxo taldearekin.

Hiru egunekin ez baitute nahikoa zaldibiatarrek, hilaren hamaikan, ostiralean emango diote segida festari.

Arratsaldeko lauretan plater jaurtiketa Gaztelu elkarteak antolatuta.

Gaueko 9,30etan bertso saioa bertan Lopategi, Iraola, Amuriza, Egaña, Mendizabal eta Arantzazu Loidi izango direlarik; onenekin batera onentsuenak alegia.

Gero, ondoren, Egan taldearekin dantzaldia.

Larunbatean, Pilarika egunean emango zaie bukaera, Santa Fei.

Hasteko, eguerdian, pilota partiduak herriko gazteen artean eta ondoren poteoa Ipurtargiak txarangarekin.

Ordubietan koadrilen arteko bazkaria plazan eta lau t-erdietan Altsasuko dantza taldeak euskal dantzak erakutsiko ditu.

Ondoren, koadrilen arteko jokoak.

Ilunabarreko zortzietan dantzaldia Koxka taldearekin.

Gauerdian mondejuaren erretzea.

Hortik aurrera goizaldera arte sokamuturra eta baratzuri zopa.

Horiez aparte, Kultur Batzordeak zenbait kultur ekintza prestatu du egun hauetarako.

Urriaren 8an, gaueko bederatzietan, Argiñano, Roteta eta Asier Etxeberria euskal sukaldaritzaz mintzatuko dira.

Urriaren 9an, ordu berean, frontoian, kantaldia Azala taldearekin eta urriaren 10ean, ostegunean, gaueko bederatzietan, frontoian, Tasio filmea erakutsiko da.

Aginagan San Praixku jaiak
Urriaren 4ean zen San Praixku, Aginagako patroia.

Dagoeneko zenbait festa buruturik dute, baina, egia esan, badirudi onenak gaur eta ondoko egunetarako gorde dituztela.

Hauen berri emango da hemen.

Gaur, urriaren 5ean, goizeko seietan oilasko biltzen hasiko dira lepoan zakua.

Arratsaldeko lauretan V. mus txapelketa Aginaga mailan; bostetan Aginagako III. Txirrindulari txapelketa eta gaueko hamaiketatik aurrera dantzaldia Egan taldearekin, atsedenaldian Leize ere hortxe izango delarik.

Igandean, urriaren 6an, zazpi t-erdietan ibilaldi neurtua eta hamarretan probintzi mailako tiro platoa.

Hamaiketako meza nagusiaren ondotik III. toka eta txinga txapelketak Aginaga mailan.

Arratsaldeko bostetan pentatlon bi talde hauen artean: Olasagasti, Alkorta I eta Larburu alde batetik eta bestetik Agite, Alkorta II eta Aranburu.

Zortzietatik aurrera dantza Akelarre taldearekin.

Urriaren 11an umeen eguna izango da.

Goizeko bederatzietan umeentzat jolasak eta jokoak eta ordubatetan umeen bazkaria.

Arratsaldean, lauretan, jokoak berriro eta zazpietan txokolatada.

Gaueko hamaiketatik aurrera dantzaldia Akelarre taldearekin.

Azkenik urriaren 12an, eguerdian sokatira txapelketa: hiru taldek hartuko dute parte: bi Aginagakok eta Atxega-Aldeko batek.

Arratsaldeko bostetan ziklista karrera Joxe Luix Mayozen omenez.

Bertan hiru txirrindulari taldek hartuko dute parte: GURELESA-GAC, REYNOLDS eta ORBEA-MG.

Beste batzuren artean honako txirrindulari profesionalok azalduko dira: Gorospe anaiak, Lejarreta, Urien anaiak, Urrutibeazkoa, Etxabe...

Horren ondotik bertsolari jaialdia.

Bertan Euskadi Irratiak antolatutako Fernando Amezketarra lehiaketan irabazle eta bigarren suertatu ziren bi hirukoteak izango ditugu, hau da, Segurako Etxezarreta, Goiburu eta Itxausti eta Zestoako Olalde, Uztapide II eta Ziolar.

Gaueko hamaiketatik aurrera nahiko dantza Jaiak taldearekin.

Urnietan oraindik ez dute etsi.

San Mieletan dira Urnietako festaburuak.

Nahiko jostagarri izan dute egun horietan baina, oraindik ere, ezin etsi, eta gaurko eta biharko oso gauza politak dituzte prestaturik.

Gaur, baserritarren eguna, urnietar guztiek espero dutena.

Hasteko, goizeko hamarretan dultzaineroak ibiliko dira bazterrak harrotzen eta alaitzen; hamaiketan poteoa, Zubietako Zanpanzar hortxe izango delarik ondoan, hau ere batetik bestera.

Hamaika t-erdietan, Egape ikastolan, eskubaloi femeninoaren finala eta hamabietan pilota palaz eta eskuz.

Ordubietan bazkari herritarra eta bostetan xexenak datoz San Joan kaletik.

Arratsaldeko seietan herri kirolak: Perurena harri jasotzen; Arria IIa, Mendizabal, Larretxea eta Mindegia aizkoran; ondoren txinga erutea eta sagardo dastaketa.

Gaueko hamarretan bertsolariak Mitxelena, Lazkano, Agirre, Mendizabal, Murua eta Mujikarekin, Argiñarena izango delarik gaijartzaile.

Gauerditik aurrera nahiko musika Niko Etxartekin eta ondoren baratzuri zopa, ardoa eta sokamuturra.

Gaualdean, denborak laguntzen badu, akelarrea hor nonbaiteko zokoren batean.

Bihar igandean, hamabi t-erdietan umeen danborrada eta ordubatetan akordeoi kontzertua.

Arratsaldeko seietan euskal dantzak San Joan plazan eta zazpi t-erdietatik aurrera nahiko dantza Kramer taldearekin.

Zarautzen gazteriaren astea
Zarauzko Udalak antolaturik, bertako koadrila, udal kiroldegi eta Modelo zinemaren laguntzarekin, gaur hasi eta hilaren 12ra arte gazteriaren astea egingo da Zarautzen.

Gaur eta bihar Kiroldegian, futbito txapelketa bizkorra; urriaren 6tik 12ra, arratsaldeko zazpietatik bederatzietara, Zinema pilotalekuan, koadrilen arteko eskuzko pilota txapelketak.

Gainera ondoko egun guztiotan hilaren 24a arte Teilatupen zarauztar artista gazteen erakusketa.

Astelenean, Modelon, gaueko hamar t-erdietan, El Muro erakutsiko da; 8an, ordu berean, Modelon, Quadrophenia filmea eta leku eta ordu beretan Likid Sky filmea.

Urriaren 10ean, arratsaldeko zortzi t-erdietan, Antonianon, mahaigurua: Erakunde publikoak nazioarteko gazteri urtearen aurrean.

Urriaren 11an, gaueko hamar t-erdietan, Munoan, Los olvidados, O.K. Korral, Estigia eta Leize rock taldeen kontzertua. Egun haundia urriaren 12a izango da, koadrilen eguna ospatuz.

Goizeko bederatzietan txistulariak batetik bestera eta ondoren buruzahar eta erraldoiak; goizeko hamaiketan, musika plazan, maskotaren aurkezpena Zarauzko txaranga eta trikitilariekin.

Goizeko hamaikak eta erdietan, Munoan, herri kirolak; Perurena harri jasotzen eta Gabriel Saralegi aizkoran.

Eguerdiko hamabi t-erdietan, musika plazan, koadrilen artean sokatira.

Talde bakoitza sei gizon eta bi emakumez osaturik egongo da.

Izena eman nahi duenak eman beza Otamendi tabernan.

Arratsaldeko ordubi t-erdietan, merkatu plazan, bazkari herritarra: patatak Errioxako modura, txahal-raguta, budina eta kafe, ardo eta pattarrak, dena 650 pezeta kostatuko delarik.

Arratsaldeko bostetan, musika plazan, puru biztea, trakak eta globoak; seietan, Munoan, xexenak; zazpietan, musika plazan, asto karrera; gauean dantzaldia Nekez taldearekin.

Egunsentian, su emango zaio maskotari.